es | eu

Huelgas Ensemble

San Migel Eliza

2018ko irailaren 7, ostirala - 20.15etan

Zuzendaria
Paul Van Nevel

Huelgas Ensemble duela berrogei urte Erdi Aroko eta Errenazimentuko musika polifonikoan espezializatuta dagoen talde ezagunenetako bat da. Ezaguna da mundu osoan bere programa originalengatik, bereziki maisulan ezezagunenak, ikus-entzuleei etengabe gozatzeko aukera ematen dietenak, beren programen freskotasunarekin eta intonazio perfektuarekin.

Huelgas Ensemble munduko musika-gune eta -areto ospetsuenetan aritu izan da, barnean hartuta: BBC Proms Londresen, Lincoln Center New Yorken, Cité de la Musique Parisen, Berliner Philharmonie, eta Fundação Calouste Gulbenkian eta Centro Cultural de Belem Lisboan. Talde hau erregulartasunez aritzen da musikako jaialdi onenetan, antzinako kapera, eliza eta abadien jatorrizko giroan abesten, hartara, beren kontzertuetan diziplinarteko zubi bat eraikitzen arkitekturaren eta polifoniaren artean. Huelgas Ensemble taldearen emanaldien ezaugarria da Erdi Aroko eta Errenazimentuko aldietako musika- eta ahots-jardunbideen estetikaren eta kontzeptuen ezagutza sakona izatea. Bai hedabideek eta bai kritikariek ere erregulartasunez goraipatzen dute talde hau, bere errepertorioaren ikuspuntu bizi eta berritzailearengatik, eta erreferentziazkoa da arlo honetan. Hori dela-eta, gero eta musikagile garaikide gehiagok nahi dute talde hau izatea beren lanak interpretatuko dituena (Rihm, MacMillan).

Talde honen diskografiak ahots- eta instrumentu-lanen ehundik gora edizio ditu, XIII. mendetik XVI.aren hasierara doazenak, esate baterako, Dufay, Brumel, de Rore, Richafort, de Kerle, Ferrabosco, Palestrina, Lassus and Ashewell. Grabazio horiek zenbait diskoetxerekin egindakoak dira, besteak beste, Seon, Sony Classical, Harmonia Mundi France, Deutsche Harmonia Mundi, Cypres eta ECM etxeekin. Azken urteetako diskografiak hauek hartzen ditu: “The Eton Choirbook”, “The treasures of Claude Le Jeune”, “Le mystère de Malheur me bat”, “L’héritage de Petrus Alamire”, “The ear of Zurbáran”, “Firminus Caron - Twighlight of the Middle Ages”, “The mirror of Monteverdi”, “The ear of the Huguenots”, “Et lux” (Wolfgang Rihm alemaniar musikagilearen lana, zortzi abeslari eta hari-laukoterako ondua)  eta “La Liberazione di Ruggiero dall’isola d’Alcina” (Francesca Caccinirena, berreraikitako instrumentu-dantzak barnean hartzen dituen operako lehen grabazioa). Eskuratu dituen sarien artean Belgikako prentsaren zenbait “Caecilia”  sari daude, “Choc du Monde de la Musique” eta “Diapason d’Or”, “Edison Prize”, antzinako musikako  “Cannes Classical Award”,  Académie Charles Crosen “Prix in Honorem”, “Klara” irrati-igorgailu klasikoaren “Carrièreprijs”, “Europese Radio-Unie” izenekoaren aitortza eta “Canadian Broadcasting Cooperation”, “Preis der deutschen Schallplattenkritik”, 1994, 1997, 2010 eta 2011ko “Echo Klassik” saria, eta 2014 eta 2015eko “Diapason d’Or”. Berriki, taldeak “Choc du mois” saria eskuratu du (2017ko otsailean), “Classica” aldizkariarena, eta “Preis der deutschen Schallplattenkritik’ (Bestenliste 1/2017), “The mirror of Monteverdi” CDarengatik.

Huelgas Ensemble taldeak Vlaamse Overheid eta Leuvengo Catholic Universityren babesa du.

Paul Van Nevel Huelgas Ensemble taldearen zuzendari artistikoa da, 1971n sortu zena Schola Basiliensis eskolan egiten zituen ikerketan eta azterlanen luzapen moduan. XII. eta XVII. mendeen arteko Europako polifoniaren jardunbidean eta ikerketan aitzindaria eta erreferentea, Paul Van Nevelek jatorrizko iturrietara diziplinarteko hurbiltze bat baliatzen du, testuinguruan jartzen beren kultura-ingurunearekin (literarioa, ahoskera historikoa, tenperamentua, erritmoa, erretorika, etab.). Etengabe ari da lan berriak bilatzen, interes berezia jarrita Flandriako polifoniaren altxorretan.

Irakasle gonbidatua izan da Sweelinck Conservatorium Amsterdamen, Musikhochschule Hannoverren eta Centre de Musique Ancienne de Genèven, eta azken hogeita hamar urteetan zuzendari gonbidatua izan da Nederlands Kamerkoorren. Beste lan batzuen artean, Johannes Ciconiaren monografia bat idatzi du eta Nicolas Gomberten gaineko liburu bat. Errenazimentuko musikaren transkripzioak ere egin ditu, Alemaniako Bärenreiter argitaletxeak kaleratu dituenak. Europako musika-liburutegietako funtsak zehatz-mehatz ezagutzeak aukera ematen dio Paul Van Neveli ahantzita dauden lanak argitara ateratzeko etengabe, gero bere taldeak interpretatzen dituenak. Erdi Aroko eta Errenazimentuko errepertorioaren gainean duen ezagutza sakonari eta ikuspuntuei esker, bere programek harritu eta gozarazi egiten dute.

Paul Van Nevelek ezin konta ahala sari jaso ditu, barne hartuta Académie Charles Crosen “Prix in Honorem” (1994), zenbait “Diapason d’Or” eta “Choc de l’année” (Le monde de la Musique), “Edison Prijs”, “Cannes Classical Award”, Belgikako prentsako zenbait “Caecilia” sari, “Klara” irrati-igorgailu klasikoko “Carrièreprijs”, “Preis der deutschen Schallplattenkritik”, eta zenbait “German ECHO Klassik” sari. “The Eton Choirbook” (Sony Classical, 2012) eta “La Oreja de Zurbarán” (Cypres, 2014) bere grabazioek aldeko kritikak eragin dituzte nazioarteko prentsan. Gainera, 2014ko “Diapason d’Or“ jaso du, “Les trésors de Claude Le Jeune” diskoarengatik (Sony Classical, 2014), eta 2015ekoa, “Wolfgang Rihm: Et lux” diskoarengatik (ECM, 2015). Duela gutxi, “Choc du mois” saria jaso du, “Classica” aldizkariarena (2017ko otsaileko edizioa), eta “Preis der deutschen Schallplattenkritik” (Bestenliste 1/2017), “The mirror of Monteverdi” CDarengatik.

Programa

Alpha et Omega, fronteras de la polifonía de la Edad Media

Anónimo
(Siglo IX / Musica Enchiriadis)
Antífona “In exitu Israel”. Organum a 2.

Magister Leoninus
(Paris, ca. 1180)
Haec Dies. Organum con claúsula a 2.

Anónimo
(España, siglo XIII)
Agnus Dei / tropus: Exultet hec concio. Tropo a 3.

Anónimo
(Francia ca. 1250)
O Maria maris stella / O Maria Dei cella / O Maria Virgo /. Tenor : In veritate. Motete triple a 4.

Anónimo
(Francia ca. 1250)
Cum apertam sepulturam. Motete a 2 y 3.

Anónimo
(Francia, principios del siglo XIV)
Tres dous compains. Chace a 3.

Anónimo
(Francia, ca. 1350)Ç
D’ardant desir / Se fus d’amer / Nigra est. Motete doble a 3.

Anónimo
(La cour de Gaston Phébus, ca. 1380)
Le Mont Aon. Balada a 3.

Guillaume De Machaut
(Ca. 1300-1377)
La Messe de Nostre Dame: Et in terra pax. À 4.

Anónimo
(Inglaterra ca. 1360)
Absolon, fili mi / Doleo super te. Lamento a 2 y 3.

Matheus de Perusio
(Floruit 1402-1426)
Ave Sancta Mundi Salus / Agnus Dei. Motete a 3.

Matteo de Sancte Johanne
(Finales del siglo XIV)
Science n’a nul annemi. Balada a 4.

Gutxi gorabeherako iraupena: ordu 1 eta 15 minutu.

Programaren oharrak

Karretea eta papera desagertzean lanbidearen kostua merkatu den galdetzean, argazkilari batek esan zidan egun ekipoak etengabe aldatu behar izatean gastatzen zutela dirua. “Orain, kamera bat erosten duzunean, badakizu hiru edo bost urtean desfasatuta edo zaharkituta geldituko dela”, azaldu zidan etsipenez. Klasiko edo landu esaten diogun musikak, eta, haren barnean, antzinakotzat jotzen dugunak, nire ustez, bereziki liluragarria den bilakaera duen garai bat hartzen du barnean. Bereziki ez musikarengatik berarengatik –musika liluragarria historia osoan zehar aurkitzen dugu–, baizik eta bilakaera izateko bere moduarengatik. Gero eta ohituago gaude aurrerabide azeleratura, teknologia aldakorretara, gure ingurunearen etengabeko bilakaerara. Gaur egungo, moderno eta berritzaile gisa aurkezten zaiguna bihar zaharkituta dago, démodé.

IX. eta XV. mendeen arteko musikak (gaur arratsaldeko Huelgas Ensembleren kontzertuak hartzen duen aldia) su motelean egindako aldaketa ororen pasioa hartzen du barnean. Ordubete baino pitin bat gehiagoan, dozenaka musikarik bostehun urtean baino gehiagoan egin zuten ibilbide bat entzungo dugu, monodia biluziaren soiltasuna eta edertasuna polifoniaren konplexutasun eta edertasun sendora eramateko, doinu bakartitik konposizio bateratu batean zenbait ahotsen bat-egitera. Ia seiehun urte, alajaina. Musikagileak irtenbidea ematen joan behar izan zuten korapilo harmonikoengatik eta erronkengatik duen konplexutasun teknikoa gorabehera, emaitza paseo bare moduan aurkezten zaigu, eta hartan, pixkana, ia hauteman ezina den modu batean, aurrera egiten doa norabide batean, XVI. mendearen amaieratik aurrera, beste norabide batzuk hartuko dituena monodia lagundua agertzean, operara eramango duena, eta instrumentu-musika berezko nortasun gisa oldarka sartzean.

Entzungo ditugun hamabi lanetatik, lauretan baino ez dakigu egilea nor den. Gainerakoak Erdi Aroko musikak hain berezkoa duen zakuan sartzen ditugu, izengabeenean, alegia. Baina izengabea –bosgarren musikagilearen nortasuna ez dela dioen txantxatik harago– musikari askoren irudikapena da, modu isilean, beren lanarekin arte hau edertzen lagundu dutenena. Haien izena ez ezagutzeak, nire ustez gutxienez, esanahi sakona du. Lekukotza isil baten irudikapena da, eta hartan garrantzitsuena zertarako da, ez nork. Eta puntu honetan egiaztatzen dugu nola Erdi Aroan erlijiozkoaren eta profanoaren arteko mugak desagertu egiten diren, izan ere, bai baitirudi transzendentziaren zentzuak denean duela eragina. Hartara, ikusten dugu nola konposizioko aurrerabideak lehenbizi iristen diren liturgia edertzeko ondutako musikara, Jainkoaren aurrean belaunikatzeko edo Ama Birjina gurtzeko, eta nola hortik iristen diren egiazkoenak diren giza sentimenak adierazten dituen kantura, maitasuna, heriotzaren aurreko bihozmina edo, besterik gabe, kirol baten plazerak, besteak beste, ehizarenak. Hitz batez, pertzepzio honetatik konposatutako musika: gizakia mundutik igarotzea, ezin saihestuzkoa den heriotzarekin eta etorkizunean haragoko mundu bat dagoen itxaropenarekin, errespetatua, miretsia eta abestua izatea merezi du. Eta xede hori da, hain zuzen, geldiezina izango den musika-bilakaera baten abiapuntua.

XII. mendean, Parisko Notre Dame katedralean, forma eta estilo polifoniko berriak garatzean buru izan eta nabarmendu zen konposizio-eskola bat garatu zen. XIII. mendearen bigarren erdialdeko tratatu izengabe batean, Anónimo IV esaten zaionean, jada garai horretan hilda zeuden bi maisuren izenak ageri dira, Magister Leoninus eta Magister Perotinus. Ez dakigu ezer gehiago haietaz, ez dira beste dokumentu bakar batean ere agertu berriro. Nahiz eta seguru asko beste batzuek –guretzat historian loak hartuak– hamarkada batzuk lehenago hasitako hasierako polifoniako teknikak jasoko zituzten, ziurtasuna dugun lehen bi musikagileak dira. Optimus zirenen, “musikagile handienen”, organum, discantor, clausulae, tropus esperimentuak baino ez dira, kantu lauaren doinu bakartitik urrun dauden sonoritate berrien bilaketak, egun, soinuen eta zaraten mota guztietako konbinazioak entzutera ohituta bagaude ere, gogoetagarri zaizkigun esperimentuak, beren indar eta araztasunarengatik. Jada bazegoen gregoriar kantuan oinarrituta beti aplikatu zituzten teknika hauek, esperimentuari sendotasuna emateko modu bat gisa, egitea ausartzen ziren modernitateak tradizioan oinarritzeko modu bat gisa.

Motetea (mot hitzetik datorrena, “hitza” esan nahi duena) ibilbide horretan egindako beste pauso bat da. Zenbait ahotsetarako musika egonkortu eta gero, zerbait berria behar zen apaintzeko, testua. Harta, musika-forma hau sortu zen, eta kokaleku nagusia izan zuen ahots-musikan zenbait mendean. Berezitasun bitxi batekin: agian adierazpide berriak bilatzeko gainezka egiten zuen desira horrengatik, Anonymus testu desberdinak nahastera jolasten da. Azken batean, ordura arte doinu batek testu bat eramaten bazuen, lerro melodikoak nahasten baditugu, zergatik ezin ditugu era berean nahastu testuzko lerroak? O Maria maris stella / O Maria Dei cella / O Maria Virgo horren adibidea da. Andre Mariari buruzko hiru poema dira –haien incipita ematen zaigu–, desberdinak, erlijioko arlo berean sartuta dauden arren. D’ardant desir / Se fus damer / Nigra est, pauso bat gehiago da. Motete horretan, lehen bi ahotsek maitasunezko bi poema guztiz samin abesten dizkigute –Desira suhar batek hartuta, nik, gizagaixoa eta bakartia, errukia negartzen dut–, eta hirugarren ahots batek, latinez, Cantar de los Cantares, Nigra esteko testu bat erabiltzen du. Testu desberdinak, hizkuntza desberdinak eta eduki desberdinak pieza profano? erlijiozko? berean. Motetearen konplexutasunak, agian, gailurra jotzen du motete isorritmiko esaten zaionean. Matteo da Perugia italiar musikagilearen lagin bat eskainiko digute, motete isorritmikoarena: Ave Sancta Mundi Salus / Agnus Dei. Koloreen eta taleen konbinazioetan intelektualak eta espresiboak elkarri eskua ematen dioten konposizio-prozedura bat da, guri entzule moduan, musikaren edertasuna iristen zaigun konplexutasuna.

XIV. mendearen erdialdera, monodia profanoak, hau da, ahots baterako abesti profanoak, garrantzia galduta zuen, ia desagertzeraino, eta motetearen konplexutasun politestual eta isorritmikoetatik gero eta gehiago bereizten zihoazen forma polifonikoek ordeztu zuten, bakarkako musika-estilo baterantz aurrera egiteko. Besteak beste, chace izeneko forma garatu zen. Gaur forma horretako Tres dous compains entzungo dugu. Izen hori frantses zaharkitutik dator, “ehiza” edo “esetsaldi” esan nahi du, eta kanoneko musika-forma duen ehizako eszena bat deskribatzen duen testu batean datza. Eta Ballade izenekoa ere garatu zen, dantzako musikatik eratorria, eta aab egituraren pean forma finko bat eskuratzera iritsi zen. Forma horretako Science n’a nul annemi entzungo dugu, Matteo de Sancte Johannerena. Mezaren ordinarioko zatiak, Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus eta Agnus, motete musika-formara ere egokitu ziren.

Guillaume de Machaut izan zen bost ataletarako musika idatzi zuen lehen musikagilea, baterako konposizio moduan,  Mise de Nostre Dame izenekoan. Huelgas Ensamblek haren zati bat eskainiko digu, Gloriarena, Et in terra pax. Machaut, poeta eta musikaria, azken trobadore edo koblakaritzat jotzen da. Izan ere, bere inguruko musikagileak profesionalki beren musikarengatik eta poetak beren poesiarengatik ezagunak izaten hasi ziren bitartean, berak atzeratu egin zuen bereizketa espezialista hori eta poesia lirikoa eta abestia bateratzen zituen trobadore-idealari eutsi zion. Hogei urte baino zertxobait gehiago zituela, Luxenburgoko Joanen zerbitzuan hasi zen, Bohemiako erregerenean, eta harekin ibili zen Europan. Berrogeita hamar urte betetzetik gertu zegoela, 1349an, Nafarroako Karlos II.aren zerbitzuan hasi zen, eta harentzat idatzi zuen Le Confort d´Ami, erregeren bihotza arintzeko gatibualdian, 1356an Frantziako Joan II.ak atxilo hartu zuenean Rouengo gazteluan. Poesiaren eta musikaren ikuspegitik, Machaut XIV. mendeko figura garrantzitsuenetako bat izan zen. Oso ekoizpen zabala izan zuen, erlijiozkoa eta profanoa barnean hartzen zuena, lehenago aipatu dugun bi eremuen arteko erlazio-zentzu egiazkoenean.

Hainbat mendetako musika-ibilbidea, bata bestearen atzetik eta etenik gabe, entzutera goaz. Egun eskaintzen zaigun mota honetako kontzertu oro bezala, pieza bakoitza sortua izan zeneko testuingurutik aterata dago. Irudimenarekin besterik ez bada, uste dut testuinguru horietan kokatzen saiatzeak edertasun guztiaren zati bat ateratzen lagunduko duela; bide hori nola izan zen posible pentsatzearen misterioarekin handituta, musika horrek bere soinuetan gordetzen duen edertasunaren zati bat.

Manuel Horno
Musikologoa


Prezioa: 12.00 €

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

SMADE - European Day of Early Music
Cultura - Kultura
Nafarroako Gobernua
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

 
Lizarrako Udala
Lizarra Komertzioaren Hiria
 
San Migel Eliza · Santa Clara Eliza