Petaloak kendu arren, loreak ederra izaten jarraituko du.
RABINDRANATH TAGORE
Gure bizitzetako urte bitxien moduan –edo bitxienetako bat gisa– gogoratuko dugu 2020a. Gutako askok senitartekoak edo lagunak galdu ditugu hain gogor astindu gaituen distopia honetan. Alarma-egoeran jakinarazi zidaten SMADEren zuzendari berria nintzela, txikitatik hainbeste maite, errespetatu eta miresten dudan jaialdi honena. Eta berez merezi duen arretaz eta maitasunez prestatu behar zen hitzordua, batetik, eta ikus-entzuleen eta artisten segurtasun handiena bermatuta, bestetik, eta bai Nafarroako Gobernuak eta bai Lizarrako Udalak ere dena eman zuten hori guztia hala gauzatzeko.
Leonardo da Vincik esaten zuen edertasuna hilezkorra dela artean. Baina era berean da hilezkorra arteak adierazten duen guztia, bera baita gure memoria kolektiboa gordetzen duena. Antzinako partiturek kontatzen digute nola bizi ziren gure arbasoak eta zer sinesten zuten, eta erakusten digute haiekin begi hutsez irudi lezakeena baino askoz ere gehiago dugula komunean. Hori dela-eta, haiek utzi ziguten edertasun hilezkor horren dirdirek haiek nor ziren esaten digute, baina baita nor garen gu ere. Ondare immaterial hori ezinbestekoa da gure historia ulertzeko eta bere testuingurua argitzen duen soinu-banda da, bizirik eutsita eta egungo publikoei gure arbasoei interpelatu zien indar berberarekin interpelatuta.
Uste oso horretatik abiatuta, aste hau itxaropen- eta edertasun-hazi moduan kontzebitzeko asmoa sortu zen, errealitate kaotiko baten erdian edertasuna indartzea bultzatuko duen gune moduan. Pertsonok zoritxarra gainditzea lortzen du arteak, eta bereziki musikak, gure adoreari bihotz eman eta gure espiritua baretzen baitu. Ideia hori abiaburu hartuta, programazio hau eratuko duten artistei eskatu nien Lizarrara etortzeko beren errepertorio inspiratzaileenekin, Aste argia, maitasunezkoa eta beroa moldatzeko; lasaitu ahal izango gaituen edertasun-oasia.
Hala joan gara edizio honetako hogeita bat jarduerak taxutzen, ospetsu bihurtuta dauden artistekin eta etorkizun oparoa izango dutenekin; ezpatariekin, harpekin, turutekin, herensugeekin eta printzesekin; amodio- eta desamodio-istorioekin, biolinak irudikatzen dituzten txoriekin. Haizeari aurre egiten dioten kanpaiak, denboran zeharko bidaia batean, geldialdiak Erdi Aroan, Errenazimenduan eta barrokoan eginez. Orduan bezala, arteak gizateriaren gaitzen kontrako erremedio onena izaten jarraitzen du. Lagun egiguzue eta erakutsiko dizuegu.
Raquel Andueza, zuzendari artistikoa