Interesa duten taldeek beren hautagaitza aurkeztu ahal izango dute proposamena generacionsmade@navarra.es helbide elektronikora bidalita. Helbide horretan deialdiaren oinarriei eta garapenari buruzko beharrezko informazio guztia ere eskatu ahal izango dute. Hautatutako taldeei buruzko ebazpena uztailaren 15a baino lehen jakinaraziko da.
Deialdia Europar Batasuneko edozein herrialdetako ahots eta/edo instrumentu-taldeei zuzenduta dago. Taldeek gutxienez bi musikarik osatuta egon beharko dute, eta kideek ezingo dituzte 35 urte beteak izan. Jasotako hautagaitza guztien artean sei ensemble aukeratuko dira, eta horiek #GeneraciónSMADEren finalaurrekoetan parte hartuko dute irailaren 7an eta 8an, Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen 57. edizioko programazio ofizialaren barruan.
Azken fasera iristen diren taldeek publikoari irekitako kontzertua eskainiko dute irailaren 9an, Lizarrako Santa Klara komentuko elizan. Ospe handiko hiru profesionalek osatutako epaimahai batek emango ditu deialdian aurreikusitako laguntzak.
Ibilbide berriak bultzatzeko laguntzak
Lizarrako Udalaren lankidetzari esker, #GeneraciónSMADEk 6.000 euro banatuko ditu saritutako taldeen garapen artistikoa sustatzeko: 3.000 euro #RevelaciónSMADE sarirako, 2.000 euro #PromesasSMADE sarirako eta 1.000 euro #TalentoSMADE sarirako.
Horrez gain, bertaratutako publikoak #AplausoSMADE aitortza emango du, eta horri esker hautatutako ensemblea jaialdiaren hurrengo edizioko programazioaren parte izango da.
Belaunaldi berrientzako plataforma bat
#GeneraciónSMADEren bidez, Lizarrako Antzinako Musikaren Asteak antzinako musikaren etorkizunarekin duen konpromisoa indartzen du, Europako interprete gazteei ikusgarritasun, topaketa eta proiekzio-gune bat eskainiz. Programa artista belaunaldi berrien, publikoaren eta sektoreko profesionalen arteko zubiak eraikitzeko asmoz sortu da, jaialdia aurkikuntza, truke eta hazkunde artistikorako gune bihurtuz.