es | eu

Aurkezpena

Lizarrako Antzinako Musikaren Asteak mendeurren erdia beteko duela ospatuko dugu aurten. Izan ere, berrogeita hamar edizio egingo ditu dagoeneko, 1967an hasi zenetik gaur arte (1982 eta 1987an bi etenaldi izan zituen). Urte horietan guztietan, antzinako musika izan da protagonista, eta Ega ibaiaren hiribildua, antzeztoki. Ospakizunerako abagune izaten dira urteurrenak, eta aldi berean, errealitate hori hazten eta hobetzen jarraitzeko ardura gogorarazten digute. Hori dela eta, (BER)TOPAKETAK leloa izango duen programa prestatu dugu. Hau da, aurreko edizioetan Lizarran aritu izan diren hainbat bakarlari eta talde berriro topatzea da gure asmoa, SMADEren ikus-entzuleen memoria kolektiboaren parte baitira. Aurtengo ediziorako, hamabost kontzertu eta hainbat jardunaldi antolatu ditugu, Santa Klara eta San Migel elizetan, Julián Romano Udal Musika Eskolan eta, lehenbiziko aldiz, Santo Domingo egoitzako kaperan. Halaber, Vianak 800 urte bete dituen honetan, bertako Andre Mariaren eliza ederrera ere joango gara. 

Horrekin guztiarekin batera, SMADEren historiari buruzko liburu bat ere aurkeztuko dugu, ezinbesteko ekarpena baita SMADE atzo eta gaur posible egin eta egiten duten pertsonak eta testuingurua hobeto ezagutzeko.

Irailaren 1ean, musika uholdearekin emango zaio hasiera jaialdiari. SMADEren hasierako urteetan gurekin izan genuen Antonio Baciero piano-jotzailea bertopatuko dugu, eta berak eskainiko digu lehenengo kontzertua. Arratsalde horretan bertan, Lizarrako kanpaiek joko dute musikaren berrogeita hamar urte hauek ospatzeko, Iruñeko Katedraleko kanpai-jotzaileen eskutik. Kanpaien oihartzuna amaitu aurretik, Raquel Anduezak eta La Galanía taldeak Santa Klara elizako jarduerei hasiera emango diete; benetan leku berezia da italiar musikaren bidez atzo, gaur eta biharko musikaren kadentzian bete-betean sartzeko.

Ondoren, polifonia klasikoa ekarriko digute The Tallis Scholars taldeko ahotsek, Kapera Sixtinoari egingo dioten keinu batean. Bestalde, Ensemble La Danserye taldeko ministril-musikak kaleetan barrena eramango gaitu eta, aldi berean, José Miguel Morenok, Lizarran gehien aritu izan diren artistetako batek, laztanduko gaituen musika goxoa eskainiko digu bere lautearekin.

Aurtengoan eskaintza musikal handiagoa izango dugu, 20:15eko ohiko kontzertuez gain, 18:30ean ere izango baititugu saioak. Lehenengoa Isabel Villanueva biola-jotzaileak eskainiko digu, eta bigarrena, Voces a Cuatro taldeko lau bakarlariek; Jone Martínez, Víctor Cruz, Diego Blázquez eta Carlos Mena zuzendariak osatzen dute taldea.

San Migel elizan, Haendel-en The Messiah lanaz gozatzeko aukera izango dugu, gure jaialdian lehendabiziko aldiz. Proiektu hori honako hauen guztien indarra elkartzeari esker izango da posible: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Iruñeko Ganbara Abesbatza, Ereintza abesbatza, Aiegiko Donejakue Bidearen Abesbatza, bakarlariak eta Carlos Mena zuzendaria. Hurrengo egunean, Jordi Savall eta Pedro Estevan ere bertopatuko ditugu jaialdian. Irailaren 8an, berriz, Europa Galante taldeak itxiko du aurtengo edizioa, Fabio Biondi-ren zuzendaritzapean. 

SMADE Kalean Bertan deritzogun atalean, lehendabiziko aldiz joango gara Santo Domingo egoitzako kaperara, egoitzan bizi direnen pertsona nagusientzat eta haien familientzat Raquel Andueza eta Jesús Fernández Baenak egingo duten kontzertu batekin. Halaber, SMADEri buruzko mahai-ingurua antolatuko dugu liburuaren egileekin. Hezkuntzari dagokionez, haur eta gazteek beren familiekin The Messiah lanaren entsegu orokorrera joateko aukera izango dute; bestalde, Julian Romano Udal Musika Eskolako ikasleek ere kontzertua emango dute. Amaitzeko, Ensemble Diatessaron taldea Vianan arituko da, hiriaren sorreraren urteurrena ospatzeko.

Bertopaketa horiek guztiek zentzua dute zuek parte hartuko duzuelako. Hala, zuen zain gaude beste behin ere musikarik onenaz elkarrekin gozatzeko.

Iñigo Alberdi Amasorrain, Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen zuzendari artistikoa

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

LAGUNTZAILEAK

San Migel Eliza · Santa Clara Eliza

 

SMADE
Cultura - Kultura
Xacobeo 20-21
Navarra Live Music!
Asociación Española de Festivales de música clásica

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.