es | eu

Aurkezpena

Irailaren hasieran deia izaten dugu Lizarran antzinako musikaz gozatzeko.  Badira jada berrogeita bederatzi urte Egaren ertzeko hiriko elizak beste garai bateko soinu, musika tresna eta ahotsez betetzen direla, oraindik ere hunkitu egiten gaituen nota konbinazio magiko eta ezin ederragoa iradokiz. Xume bezain asmo handiko, ekimenak betiere indarrekoa den musikaren eta espazioaren arteko binomioa, musiken eta espazio zahar eta berrien artekoa berrituz jarraitzen du. Joan den urtean keinu bat egin genion gure historiari, berreskuratuz Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen sorrerako gunea izan zena, Santa Klara komentua eta, gainera, Lizarrako mugak gainditu genituen, gure motxila Donejakue Bideko beste gune batera, Orreagara, eramanez.

Bidaia ideia gisa, musikaren eta musikarien bidaia; horixe izanen da Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen aurtengo argudioa. Antzinako musikaren jaialdia, berez, denboran zeharreko bidaia da, eta beste denbora eta garai bateko musikak ezagutzeko parada ematen du. Bidaiaren ideia honekin hasiko dugu ibilbidea, kontzertu berezi batekin eta jaialdiarendako berria den toki batekin: Puyko Andre Mariaren Basilika. Elizan entzunen da Nafarroako kapera maisuek idatzitako musika. Maisu hauek beren karrera katedral eta eliza garrantzitsuetan egin zuten eta lanbide kontuak tarteko halabeharrez bidaiatu behar izan zuten. Sortzaile haien bidaia profesionala orain musika erromeria bihurtzen da, Puy bezalako toki magiko batean. Goiko haitz horretara igoko gara eta, zergatik ez, transzendentziaren bidean aurrera eginen dugu. Nafarroako Ganbera Abesbatzak emanen dio hasiera asteari, kartsuki, David Guindano zuzendariak bilatze eta transkribatze lan musikologiko garrantzitsua egin baitu.

Behin Santa Klaran, laukote gazte batekin gozatuko dugu, berriki Antzinako Musikaren Europako Sareak Gorantz doan Europako Artista gisa saritu duena: Barroco Tout. “Telemann-en bidaia kaierak” izenburuarekin, Telemannen ingurunea eta jasotako eraginak deskribatzen dituzten musikak eskainiko dituzte. Antzinako Musikaren Europako Sareko kide da Lizarrako Astea, eta baita Festclásica-koa ere; lankidetza ildo hori estrategikotzat dugu. Ondoko egunean, orain arte gure programazioan inoiz ikusi gabeko musika tresna bat entzuten ahalko dugu: klabeorganoa, klabearen eta organoaren arteko musika tresna hibridoa; musika tresna horrendako musika ugari idatzi izan da. Nazioarteko mailako organista bat, Juan de la Rubia, XVI. mendeko Europan barnako bidaia iradokitzaile honetan gidari izanen dugu. Aurten Santa Klarako hirugarren kontzertua berez deskribatzen den programa batekin gauzatuko dugu: Toledotik Isfahanera. Mendebalde eta ekialde arteko joan-etorriko musikak; bietatik ere ugari duen Lizarra hirian. Lachrimae Consort, Le Concert Persan eta Sara Hamadi kantaria tarteko, XV. eta XVI. mendeetako kantuak, dantzak, monodia eta polifonia persiar, espainiar eta italiarrak eskainiko dizkigute.

Barne bidaia berri batek berriz ere goialdeko gotorleku den San Migel elizara eramanen gaitu. Paul Van Nevel zuzendari duen Huelgas Ensemble talde mitikoak, jaialdian lehen aldiz parte hartuko duenak, denboran barnako bidaia bat eskainiko digu, “Alpha et Omega” programarekin: Erdi Aroko polifoniaren mugak, VIII. mendetik XIV. mendera. Andoni Mercero zuzendari duen Musica Boscareccia taldeak, Alicia Amo bakarlari bokala duela, topaketa profesional baten lekukotza eskainiko digu: 1709an Erroman Haendel eta Scarlatti maisu handien artean izan zen duelu edo lehia. Lizarrako Antzinako Musikaren Asteko azken kontzertuan protagonistak Les Musiciens du Louvre izanen dira. Vivaldi oinarri hartuta programa monografiko bat eskainiko digute, Lau Urtaroak tarteko. Denboraren joanaz eta urtaroen arteko bidaiaz mintzatuko zaizkigu, musikarekin, eta musikatik abiatuta.

Astea Lizarratik atera eta aurten Garesera joanen da, Gurutzearen eliza ederrera. Bertan klabeorganoa entzunen da. Aurten txikienendako bi jarduera izanen ditugu, bi kontzertu labur, haiengan pentsatuak. Juan de la Rubiak topaketa didaktiko bat eskainiko du, musika tresna ezezagun hori protagonista dela, eta Les Musiciens du Louvre taldeko musikariek “Nire lehen bi urtaroak” eskainiko dute, Inés Bengoa gidoilari eta aurkezle dela. Lizarrako musika ikasleak, Julián Romano Musika Eskolakoak izanen dira ateak zabaltzeko jardunaldiko protagonista, musika eskolako taldeek antzinako musikako partiturak interpretatuko baitituzte.

Bidaia hau duela berrogeita bederatzi urte hasi zen eta gauzagarria da Nafarroako Gobernuari esker eta ezinbestekoa den Lizarrako Udalaren, Estella-Lizarra Ciudad de Comercio elkartearen eta jarduerak jasotzen dituzten elizen lankidetzari esker, baina, bereziki, musika eder hauek toki eder hauetan entzutera etortzen den jendeari esker. Aurten, musikaren bidaiekin gozatzea dagokie.  Zain izanen gaituzte. Nulla vita sine música.


Iñigo Alberdi Amasorrain
Lizarrako Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa

Aurkezpena

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

LAGUNTZAILEAK

San Migel Eliza · Santa Clara Eliza

 

SMADE
Cultura - Kultura
Xacobeo 20-21
Navarra Live Music!
Asociación Española de Festivales de música clásica

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.