es | eu

Musica Boscareccia

San Migel Eliza - Estella-Lizarra

2018ko irailaren 8, larunbata - 20.15etan
Prezioa: 12.00 €

Sarrerak erosi

Sopranoa
Alicia Amo

Biolina eta zuzendaritza
Andoni Mercero

Biolina
Alexis Aguado

Biolontxeloa
Mercedes Ruiz

Klabezina
Carlos García Bernalt

Tiorba
Juan Carlos de Mulder

Musica Boscareccia ensemblea instrumentazio aldakorreko talde bat da, XVII. eta XVIII. mendeetako ganberako ahots-errepertorioa interpretatzen aritzen dena gehienbat. Horrenbestez, oso errepertorio zabala eta guztiz askotarikoa da, ikus-entzule gehienentzat ezezagunak diren konposizio asko dituena, lan argitaragabeak eta oraindik berraurkitzeko zain dauden piezak.

Musica Boscarecciaren lehen CDak, Dulce azento izenburua duenak, musika-ondarea berreskuratzeko proiektu garrantzitsu bat garatzen du Madrilgo Errege Kaperako artxibotik ganberako lau abestu eta argitaragabe berreskuratzean, Francesco Corsellik onduak. CD horrek zenbait sari lortu ditu, haien artean nazioarteko ICMA sari entzutetsurako izendapena. Berriki, Musica Boscarecciak bigarren CDa grabatu du, Sognando son felice, osorik eskainia Domenico Scarlattiri. Musica Boscarecciak kontzertuak egin ditu hauetan guztietan: Santanderko Festival Internacional, Casalarreinako Festival de Música Antigua, Arabako Antzinako Musikaren Astea, Leongo Festival de Órgano, Sevillako Orquesta Barrocaren denboraldia, Cadizko Festival de Música Española, Salamanca Barroca zikloa, Cultural Cordón de Burgos zikloa, Madrilgo Festival de Arte Sacro, Oviedoko Auditorio Príncipe Felipe, Aranjuezko Festival de Música Antigua eta Universo Barroco zikloa, Madrilgo Auditorium Nazionalean.

Alicia Amo, sopranoa

Alicia Amok Burgosen hasi zituen biolineko ikasketak, goi mailako titulua Musikenen eskuratu zuen, kalifikazio altuenekin, eta Grazeko Universität für Musiken jarraitu zuen. Unibertsitate horretan hasi zituen kantuko ikasketak. Bachelorra eta masterra kantuan egin zituen Schola Cantorum Basiliensisen, G. Türk eta A. di Marchirekin, besteak beste, eta ohorezko matrikula lortu zuen. I Manhattan Internacional Music Competition lehiaketako irabazlea izan zen, Granadako “W. A. Mozart” nazioarteko I. lehiaketakoa, VIII Concorso Internazionale di Canto Napolikoa, eta aritzeko eskatu zioten Festival d’Ambronay, Atelier Lyrique Strasbourg, Fondazione Cini eta Fondation Royaumonten.

Bakarlari aritzen da operan eta oratorioan, talde ugarirekin batera, hala nola Café Zimmermann, Zürcher Kammerorchester, Vokalakademie Berlin, Orchestra di Lugano, La Cetra, Orquesta Barroca de Sevilla, Le Parlement de Musique, Orquesta Sinfónica de Burgos, Orquesta de la Comunidad de Madrid, Orquesta Sinfónica de Granada, Orquesta Sinfónica del Principado de Asturias, Orquesta Sinfónica de RTVE eta abarrekin, hauen zuzendaritzapean: A. Marcon, M. Gester, C. Mena, R. Alessandrini, P. Valetti, R. Pichon, J. Cohen, E.L. Banzo, P. González, G. García Calvo, M.A. Gómez Martínez, V. Pablo Pérez, E. Onofri, P. Heras Casado, T. Hengelbrock eta R. Jacobs, besteak beste. Campoamor, Arriaga, La Maestranza, La Zarzuela, Semperoper Dresde, Versalles… antzokietan aritu da.

Biolinista gisa, bakarlaria eta lehen biolina izan da Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean (JONDE), Burgosko Sinfonikoan; European Union Youth Orchestra (EUYO), Steirische Philarmonie eta I Barocchistiko kidea da; eta laguntzailea Euskadiko Sinfonikoan, Sevillako Barrokoan eta OSRTVEn.

Programa

Roma 1709
Händel vs. Scarlatti

G.F. Händel
(1685-1759)
Agrippina condotta a morire HWV 110. Cantata para soprano, dos violines y bajo continuo.
Recitativo: Dunque sara ur vero. Aria: Orrida, oscura, l’etra si renda. Recitativo: Ma pria che d’empia morte. Aria: Renda cenere il tiranno. Recitativo: Si, si, del gran tiranno. Arioso: Come, o Dio! Aria: Se infelice al mondo vissi. Recitativo: Trema l’ingrato figlio. Aria: Su lacerate il seno. Recitativo: Ecco a morte gia corro.

D. Scarlatti / A. Mercero
(1685-1757)
Sonata en re menor para dos violines y bajo continuo sobre sonatas para clave de Domenico Scarlatti.
Andante / Allegro / Adagio e cantabile / Allegrissimo.

D. Scarlatti
Introduzione (adaptación de A. Mercero de la Sonata K.450) Tinte a note di sangue Cantata para soprano, dos violines y bajo continuo.
Recitativo: Tinte a note di sangue – Aria: Tuo mi chiami

G.F. Händel
Trio sonata en sol menor op.2 nº 6, HWV 391.
Andante / Allegro / Arioso / Allegro

D. Scarlatti
Pur nel sonno al men tal´ora. Cantata para soprano, dos violines y bajo continuo.
Introduzione: (sin indicación de tempo) - Minuet Aria: Pur nel sonno al men tal´ora. Recitativo: Pria dell´aurora Aria: Parti con l´ombra.

Gutxi gorabeherako iraupena: ordu 1 eta 20 minutu.

Programaren oharrak

Musikaren historiako zenbait anekdota ospetsu bihurtu dira. Batzuk, besteak beste, Salieri helduak Mozart gaztearenganako sentitzen zuen ezinikusia –bigarrenaren jeinutasunak lehenengoarengan eragiten zuen jeloskortasunak eragindakoa–, kondairaren (edo kasu jakin honetan, zinematografiarena) emaitza dira gehiago, errealitatearena baino. Beste batzuk, ordea, dokumentuetan jasota daude, nahiz eta zenbaitetan zalantzak agertzen dituzten alderdi hutsaletan, adibidez, gertakariaren datazio zehatzean. Hala gertatzen da ia bere osotasunean mundu honetan batera gertatu ziren bi musikagileren arteko duelu artistiko ezagunarekin; Domenico Scarlatti eta Georg Friedrich Haendelen artekoarekin, hain zuzen. Biak ala biak 1685ean jaio ziren, eta Domenico bi urte lehenago hil zen, 1757an. Pasadizoa, bi musikagile garaikide hauek harremanetan jartzen dituen edozein aipamenetan zabal errepikatutakoa, Ottoboni kardinalaren erromatar jauregian bien artean izan zen duelu artistikoa da. Historiografiak tradizioz 1707an kokatu izan duen arren, musikologiaren arloko azken ikerketek 1709an jartzen dute. Tanto monta, monta tanto. Nire iritziz, interesgarriena gertakari horren esanahia da, barnean duen oinarria edo atzea.

Zilegi bekit eten bat egitea jarraitu aurretik. Erreferentzia historikoez ari garenean, datez hitz egin behar da, baina datak bere horretan erabateko zentzua hartzen du aztertzen ari garen pertsonaien bizitzaren lerroan kokatzen dugunean. Haendelen eta Scarlattiren kasuan 1709. urteaz hitz egitea 24 urteko bi gazteri buruz hitz egitea da. Gutxi gorabehera, egun gazte batek unibertsitateko ikasketak eta masterrak amaitu eta laneko ibilbideari ekiten dioneko adina.

Orain, egin dezagun irudimen ariketa bat eta jar gaitezen bietako edozeinen tokian. Joseph Addison politikari eta idazle ingelesak, 33 urte zituela (hau da, 1705ean), Notas de varios lugares de Italia liburuan, ondokoa jaso zuen: “Ez dago tokirik munduan gizakia plazer eta probetxu handiagoarekin bidaiatuko duenik Italia baino (…) Musikaren eta pinturaren eskola da…”. Egiazki, musikaren bilakaera Italiako estatu eta erresuma desberdinetan biltzen zen gutxienez bi mende lehenagotik. Beste herrialde batzuetako musikagileek hara bidaiatzearekin eta maisu handien konposizioak in situ ikastearekin amets egiten zuten. John Mainwaring Haendelen lehen biografoaz fidatzen bagara, Fernando de Medici Florentziako printzea izan zen, Haendel ere Hanburgon zegoenean hiri horretan egin zuen egonaldi luze batean, musikagile eta jotzaile gaztea ezagutu eta Italiako lurrak bisitatzera gonbidatu zuena, Italiako musikako bildumak ere erakutsita limurtzeko. Dirudienez, itzultzean lagun egitea ere proposatu zion, hau da, mezenas gisa haren gastuak bere gain hartzea. Baina Haendelek –hogei urte eskas zituela independentziarako joera nabarmena erakusten zuela– uko egin zion eta egin ahal izateko nahiko diru aurreztu zuenean bakarrik egitea erabaki zuen. Nolanahi ere, 1706 aldera iritsi zen Erromara, eta goi mailako gizarteak harrera egin zion, batez ere, erlijiokoak. Hegoaldeko lurretan 1710 arte egon zen, Alemaniara itzuli baitzen orduan. Scarlatti, bere aldetik, garai bertsuan iritsi zen Erromara, jaioterri zuen Napoles hiritik, baina beste arrazoi batzuengatik. Hamasei urte zituenetik, Napolesen Espainiako Gorteko Errege Kaperako organista izan zen (Napoles Espainiarena zen), eta kapera horretako maisua bere aita zen, Alessandro. Politikaren arloko gorabeherek, ordea, lanik gabe utzi zituzten aita-semeak (Espainiak Napolesko erresuma galdu zuen, Ondorengotza Gerran). Biek zalantzarik gabeko ospea zuten, eta ez zitzaien zaila gertatu Erromako gizarte jasora hurbiltzea lan bila.

Garai hartan, goi mailako gizarte laiko edo erlijiokora hurbiltzea musikako goi kulturarekin harremana izateko bide bakarra zen ia. Eta, era berean, musikari batentzat, lan on bat bilatzeko ia bide bakarra zen. Udal talde batean, hiri batzuetan, edo eliza txiki bateko kaperan instrumentista izatearekin etsi zezakeen batek, baina soldata onak, musikari, musikagile edo interpretatzaile batek helburu izan zitzakeen bizi-baldintza onenak, goi mailako gizartearen ingurukoak ziren, elizakoa edo zibila izan.

Eta musikaria, XVIII. mendean, langilea zen. Kasu izugarri on batzuetan, besteak beste, gaur arratsaldean landuko ditugun bi hauetan, gaur atsegin ematen diguten eta zenbaitetan estasi estetikora eramaten gaituzten lanak ontzera eraman zituzten dohain artistikoak zituzten. Eta ez dut zalantzarik berak ohartzen zirela artea egiten ari zirela, hau da, irautera zuzenduta zegoen zerbait, garaiko eskulangile baten lanaz gaindi nabarmentzera zuzenduta zegoen zerbait. Baina lan egin behar zuten bizi ahal izateko, eta, logikoki, lan ona izateko xedea zuten, batez ere, beren balioa aitortzen bazuten –eta pentsatzekoa da hala egiten zutela–. Bere talentuari esker bizi den musikari-artistaren kontzeptua, libreki eta loturarik gabe, geroagokoa da. Mozart horretan ahalegindu bazen ere, pobre hil zen. Beethovenek nolabaiteko independentzia maila lortu zuen. Eta Brahms eroso bizi ahal izan zen, bere inspirazio erromantikoaren arabera musika ontzetik. Baina, Haendelek eta Scarlattik bazekiten nagusi bat behar zutela, eta nagusi hori onena izateko helburua zuten.

Eta printzeak, lurrekoak edo elizakoak izan, artearen zaleak bere adierazpideetako edozeinetan, ikuskizunaren nahiko lagunak ere baziren (operaren generoaren goren unean gaude, ikuskizuna ezer izatekotan). Zer logikoagoa gogokoa izatea “zeinek ahal duen gehien” duelu batean aurrez aurre jartzea bi talentu gazte. Eta zer logikoagoa, bi gazte haientzat, nahi izatea gizarteko gailenak zuzenean entzutea interpretaziorako, konposiziorako eta bai bat-batekotasunerako trebetasunak. Oposizio antzeko bat zen, ea nork ahal zuen gehien, nor zen gai gorazarre onenak lortzeko, ez goraipamenarengatik berarengatik (ez naiz ausartzen bakoitzaren harrotasun partikularraren gaineko iritzia ematera. Apalak ez zirela izango pentsa dezaket), baizik eta gorazarre horrek beren etorkizun profesionalerako izan zezakeen esanahiarengatik. Lehenago esan dugun moduan, duelua Ottoboni kardinalaren jauregian egin zen. Ez zen izan ospe handiko musikarien artean gertatu zen lehena ez eta azkena ere. Mainwaringen lekukotasunari jarraituta, Scarlatti klabezinean nabarmendu zen eta Haendel organoan, nahiz eta “erabat desberdinak ziren beren estiloan (…) Scarlattik nolabaiteko dotoretasuna eta abilezia zuen adierazteko, eta Haendelek distira bikaina eta hatzen menderatzea”. Nabarmendu dezagun iritzi edo ikuspuntu horiek alemaniar musikagilearen biografoak 1760an adierazitakoak direla eta lekukotzen ondoriozkoak direla, bera ez baitzen jaio 1724 arte. Nik neuk gogoko dut eszena horiek irudikatzea, eta denetik ikusten dut: bai bi jeinuen aurrean miretsita zeuden noble adituak, bai eta, bilera behartu batera joaten dena bezala, burua beste toki batean duela, arratsalde-pasa joandako aristokratak ere. Noren aurrean zeuden ohartzeko gai ziren pertsonak eta beren dibanean etzanda hobeki egongo zirela pentsatzen zutenak. Dena den, han egoterik ez izanaren pena dut beti. Anekdota alde batera utzirik, iruditzen zait interesgarria dena dela halako gertakari batek deskribatzen digun giroan gelditzea. Zer-nolako garrantzia zuen arteak goi mailako gizartean eta goi mailako gizartearen iritziak zer-nolakoa zuen artistaren etorkizunean. Nahiz eta geroa desberdina izan zen bientzat.

Scarlattik Maria Kasimira erbestean zegoen poloniar erreginaren zerbitzuan hastea lortu zuen, Erroman, eta gero Bragantzako Barbara portugaldar printzesarentzat lan egin zuen, Fernando VI.arekin ezkonduta Espainiako erregina izan zenean musikako maisu gisa harekin batera ibilita. Madrilen bizi izan zen hil arte, eta ondare zabala utzi zigun, batez ere klabezinerako sonaten arloan. Haietan nolabaiteko herri-doinuei sartzen utzi zien. Haendel, bere aldetik, esan dugun moduan, Alemaniara itzuli zen, eta Hannoverko printze hauteslearen zerbitzuan hasi zen. Baina Medicikoaren laguntza ekonomikoari uko egitera eraman zuen izaera jakin-nahi eta independente horrek bultzatu zuen, garai hartan oso arrunta ez bazen ere, babesetik askatzen saiatzera eta musikari independente moduan Londresen kokatzera. Hasia zen hiri horretan arrakasta izaten operan, eta gero beste ahots-forma batekin egingo zuen, oratorioarekin. Alemana izan eta Westminsterko abadian lurperatuta egoteak lortu zuen ospearen ideia bat egiteko aukera ematen digu. Charles Burneyren Viaje musical por Francia e Italia en el s. XVIII bidaia-liburua irakurtzeko gomendioa eman nahi dut hemen. Ematen dituen iritzi ugarien artean, bitxia da nola idazle ingelesak aipatzen duen behin baino gehiagotan Italian musikari onak zeudela, “baina gure Haendel bezalakorik…”.

Gaur arratsalderako Musica Boscarecciak proposatzen digun hautaketa bi jeinu horiek landu zituzten generoen lagin bat da, topaketa hartako anekdota historikoari lotutakoak, sonata eta cantata. Biak ala biak ganberako musika moduan interpretatzen ziren, hau da, ez jada martxan zeuden kontzertu-aretoetan, baizik eta intimoagoak ziren nobleziako giroetan baizik. Bata instrumentu bidezkoa da, eta bestea, ahots bidezkoa. Barrokoan gertatu zen instrumentuetarako musika emantzipatu eta bere corpusa izatera igaro zen une historikoa. Organologiaren garapena (musika-tresnena), formarena (kasu honetan, sonata, lauzpabost mugimendutako forma, musika-tresna bakar edo zenbaitetarako idatzita egon zitekeena) eta bere hizkuntzarena. Bere aldetik, ganberako kantata XVI. mendearen amaieran hasitako formula bat gauzatzeko modua baino ez da, opera ekarri zuen monodia lagunduarena, barrokoko opera-ikuskizunaren antolaketa ikaragarria baino murritzagoa zuena. Forma egokia garai hartako nobleziak atsegin hartzeko jauregietako aretoetan kantuaren sotiltasunarekin eta artifizioekin. Programak, gainera, bitxitasun bat du: hirukoterako interpretatutako Scarlattiren sonatak taldeko zuzendari Andoni Mercerok egindako egokitzapenak dira, teklarako idatzitako jatorrizkoetatik abiatuta. Scarlattik ez zuen idatzi Trio Sonatarik eta taldeak aurrez aurre jarri nahi izan du musika-formen tipologia bera. Eta asmatu dute, izan ere, gainera, lan bat beste instrumentu-antolaketa baterako egokitzea oso ohiko jardunbidea baitzen garai hartako musikagileen artean.

Ez dakit nik Scarlattik eta Haendelek susmorik izan ote zuten Erromako jauregi batean izan zuten topaketa hura eta handik hirurehun urtera berriro ere entzungo zuela batak bestea Lizarrako eliza batean.

Manuel Horno
Musikologoa


Prezioa: 12.00 €

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

LAGUNTZAILEAK

San Migel Eliza · Santa Clara Eliza

 

SMADE
Cultura - Kultura
Xacobeo 20-21
Navarra Live Music!
Asociación Española de Festivales de música clásica

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.