es | eu

Le Concert Persan & Lachrimae Consort Paris

Santa Klara Eliza - Estella-Lizarra

2018ko irailaren 5, asteazkena - 20.15etan
Prezioa: 12.00 €

Sarrerak erosi

Kantua
Sara Hamidi

Kamanch eh (ekialdeko biola), oud (ekialdeko lautea)
Pouya Khoshravesh

Ney (ekialdeko flauta)
Mani Khoshravesh

Lyra viole, quinton d’amour
Philippe Foulon

Biolontxelo a
Lucile Fauquet

Tiorba
Mauricio Buraglia

Daf eta ekialdeko beste perkusio batzuk
Youssef Hbeish

Lachrimæ Consort taldea 1994an sortu zuen Philippe Foulonek, Bertrand Tavernier frantses eta Jim Mc Bride amerikar zinemagileen zenbait film antzinako musika-tresnekin grabatzeko (La Fille de d’Artagnan, La Tabla de Flandres…). Musikari bakarlariek eratuta dago, eta XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako europar musikako errepertorioak interpretatzeko sentiberatasun bera partekatzen dute.

Lachrimæ Consort taldeak oso arte-jarduera garrantzitsua garatzen du, eta Europako nazioarteko jaialdi handiek gonbidatu ohi dute: Amsterdamgo Antzinako musikaren jaialdia, Londresko Santa Zezilia, Italiako Magnano, Huescako Donejakue Bideko Jaialdia, Madrilgo Andrés Segovia, Conde Duque, Ambronay, Sablé, Paris, Dublin, Brusela, Mosku, San Petersburgo, Amserdamse Cello Biennale 2008, Granadako Nazioarteko Jaialdia 2009, Santander 2009, Festival International de St. Jacques de Compostèle 2009, Festival International de la Chaise-Dieu 2011, Festival Baroque de Pontoise 2011… Eta barrokoaren arloko pertsona ospetsu gonbidatuekin aritzen da, besteak beste, Wieland Kuijken, James Bowman, Stephen Preston, Charles Brett eta abarrekin.

Philippe Foulon

Aitzindaria da barrokoko musika-tresna desagertuak berreskuratzean. 2001ean, viola DOrphée berreskuratu zuen, Michel Corretek deskribatua Viola de Orfeoren, biolaren eta kontrabaxuaren metodo batean. Bere Ensemble Lachrimae Consort taldeak 2001eko Ondarearen Saria lortu zuen horregatik, luthierrek eta Jean-Charles León musikologoak osatutako talde bati esker.

Vivaldiren eskuizkribuetan aurkitu zuen desagertuta zeuden beste instrumentu batzuk bazirela, “alla’inglese” esaten zietenak, hari sinpatikoak zituzten biolak. Vivaldik musika ondu zuen XVIII. mendeko biolontxelo bat berreraikitzera menturatu zen. Biolontxelo hori 2003an estreinatu zuen, Frantziako Kultura eta Komunikazio Ministerioak babestuta. 1983an, Bruselako Nazioarteko Jaialdian debuta egin zuen bakarlari gisa. Bruselako Errege Kontserbatorioko lehen saria eskuratu zuten, Wieland Kuijkenekin batera, eta harekin maiz aritzen da biolen bikoteen kontzertuetan (Paris, Londres, Bartzelona, etab.). Bakarlari aritzen da Frantziako eta Europako jaialdi garrantzitsuenetan. Jean-Michael Haslerrekin Ensemble Barroco de Linoges sortu zuen, eta Marc Minkowskirekin Les Musiciens du Louvre.

Sara Hamidi

Isfahanen jaioa. Radif kantua ikasten (Irango musika klasikoaren errepertorioa) Maedeh Tabatabaeirekin hasi zen,

R. Shajarianen ikasleetako batekin. R. Shajarian Irango kantuaren maisu handia da.

Duen talentu handiarengatik eta bere ahotsaren tonuarengatik ezaguna da, eta laster egin zuen bat musika-taldeekin, besteak beste, Choir of Isfahan taldearekin. Baina kontuan hartuta emakumeen ahotsa bakarlari moduan debekatzen dituzten politika- eta erlijio-baldintzak, Sara Hamidik, beste edozein abeslarik herrialdean bezala, ezin zuen abesbatza edo ahots-bikote batetik kanpo abestu. 2012an, Iran utzi zuen Frantzian kokatzeko, bertan bere artea garatu baitezake talde desberdinekin elkarlanean arituta eta libreki abestuta. Iritsi zenetik, kontzertu pribatu eta publikoetan parte hartu du Parisen, hala nola Arab World Instituten, Afganistango Enbaxadan (Emakumeen Mundu Egunaren kariaz). Irango musikaren inguruan gauzatzen duen jardueraz gain, Saint-Maurreko Kontserbatorio Nazionalean matrikula egin zuen, mendebaldeko opera klasikoa eta kantua ikasteko.

Programa

De Toledo a Isfahan. Músicas, cantos y danzas persas.

Obra tradicional de Mazandaran
Banoo

Morteza Neydawood
Atash-é Del

Anónimo
(Fin del siglo XV)
Propiñan del melyor

Anónimo
(Siglo XVI)
Ay Luna que reluces

Hessam ol Saltanéh
Bad-é Saba

Tratado de Glosas
(Siglo XVI)
La Spagna de Diego Ortiz

Darvish Kahn
Pishdaramad Isphahan

Ali Akbar Sheyda
Bote chin ay mah man

Anónimo español
(España, siglo XVI)
Din di rin

Biaggio Marini
(Italia, siglo XVII)
Passacalio

Claudio Monteverdi
(Italia, siglo XVII)
Lamento d’Ariana

Juan Arañés
(España, siglo XVI)
Chacona (Extractos)

Ali Akbar Sheyda
Bote Chin

Gutxi gorabeherako iraupena: ordu 1 eta 10 minutu.

Programaren oharrak

Musikaren entzule eta zale moduan, maiz joan gaitezke askotariko programak dituzten kontzertuetara, garaiei, estiloei eta musikagileei dagokienez, eta, ikus-entzule gisa dugun esperientziaren arabera, neurri handiagoan edo txikiagoan harritu gaitzaketen desberdintasunak aurki ditzakegu. Ez da gauza bera polifonia errenazentistako errepertorio bat a cappella entzutea, Tomás Luis de Victoriaren Responsorios de Tinieblas adibidez, edo Gustav Mahlerren kontzertu sinfoniko bat. Batean eta bestean jasoko ditugun entzumen-inpresioak desberdinak izango dira, zalantzarik ez dago. Espainiar polifonistarekin, ahots soilek gu inguratzen utziko dugu, gehiegizko artifizio orotatik urrun, beharbada hunkitzera iritsiko den barne-bake bat lortuz. Alemaniar musikagilearen baliabide tinbrikoen eta dinamikoen erakustaldiarekin, agian, zirrara eraginda eta txundituta geldituko gara (sentitzera irits gaitezkeenaren gainean deskribatu dudan bertsio subjektiboa da, bakoitzak bere bizipena izango baitu). Baina edozein kasutan, oharkabean gure moduan onartzen edo guretzat hartzen ditugun eskema batzuen barnean egongo da dena, eta gure enteleguarekin egongo liratekeen talkak –bata bestearen atzetik entzungo bagenitu kontzertu-saio berean– ukitu txikiak baino ez lirateke izango. Azken batean, Victoria eta Mahler, hiru mendek bereiziak denboran (Victoria 1611n hil zen eta Mahler 1911n), kultura- eta musika-tradizio berekoak dira, mendebaldekoa, eta bataren eta bestearen konposatzeko modua ez da hizkuntza beraren bilakaera geldiaren emaitza baino. XVI. mendean hitz egiten zen espainiera eta XX. mendearen hasieran hitz egiten zena bata bestearen ondoan jartzearen parekoa litzateke. Egun, bietako edozein zaharkitu irudituko litzaiguke, baina gure moduan ezagutuko genuke. Musikan, ez dago benetako hausturarik Schönbergen atonaltasuneraino (bere Op. 11 piezetan, pianorakoetan, 1909an agertutakoetan). Eta, hala ere, jada existitzen denetik abiatuta egindako haustura da. Errotikako haustura, bai, baina, azken batean, jarraitutasuna dakarren haustura bat.

Zenbaitetan, nahasketa bitxiak entzuteko aukera izaten dugu. Behin, The Sixteen talde ingelesaren (Lizarrako Aste honetan aritu izan den taldea) bi kontzertutara joan nintzen. Bata bestearen ondoren izan zen, Londresko eliza txiki batean egiten den jaialdi batean. Lehenbizikoa Monteverdiren madrigalen hautaketa bat izan zen, a cappella, musika-tresnarik gabe. Bigarrena, berriz, madrigal horien beren nahasketa bitxi bat izan zen, jazzeko bertsioan, eta pianoa eta kontrabaxua lagun zituztela. Orain ez nuke jakingo adierazten, hitz gutxitan, urte batzuk igaro diren arren nire oroimenean grabatuta gelditu zen kontzertu horrek zer eragin zidan. Bai esan dezakedala, hemen adierazten saiatzen ari naizenaren zati moduan, esperientzia erabat berritzailea izan zela. Ohituago gaude klasikoen bertsioak musika komertzialean entzuten (gregoriarra eta popa ez da egin ez den mix bat). Edonola ere, eta nire ustez aldeak alde batera utzirik, bai bata eta bai bestea, kulturalki hitz egiten, familiarrak zaizkigun bi munduren arteko nahasketak dira.

Le Concert Persan & Lachrimae Consort Paris taldeen arteko elkarte honek gaur arratsaldean eskainiko digun kontzertuaren bidez aukera bat eskaintzen zaigu, beste alde batetik, programazioetan oso ohikoa ez den aukera: harago joan eta ohituta gauden eskemetatik kanpoko esperientzia bat bizitzekoa. Bi kultura desberdinetakoak diren bi musika dira, eta haietan, arrazoibidea pitin bat sinplifikatuta, oinarrizko material bera baliatzea baino ez dute komunean, soinua bere altuera, iraupen, intentsitate eta tinbre ezaugarriekin. Hitz egiten den hizkuntzaren konparaziora itzulita, urruneko bi hizkuntza-errotatik datozen bi hizkuntza nahastuko lituzkeen solasaldi bati aurre egingo bagenio bezala da, bata ekialdekoa eta bestea mendebaldekoa. Bi hizkuntzek fonemak erabiltzen dituztela ulertuko genuke, baina mendebaldekoarekin konexio bat hautemango genuke (nahiz eta ez dakigun hizkuntza bat izan) eta deskonexioa ekialdekoarekin. Frantses bati hitz egiten entzuten badiot, hizkuntza hori jakin ez arren, hitzak, esaldiak… egituratzeko modu familiarragoa hautemango dut. Irandar bati entzuten badiot, nahiz eta era berean ez ulertu ezer, “beste hizkuntza” bat hitz egiten duen sentipena izango dut.

Musikarekin abantaila handi bat dugu. Zerbaitengatik esaten da hizkuntza unibertsalena dela. Senti dezakegu benetan beste bat dela erabiltzen den hizkuntza, ohituta gaudenetik urrun dagoelako, baina horrek ez digu eragozten komunikazio bat dagoela hautematea. Musika soinua da, eta, hizkuntza mintzatuak ez bezala, soinuak ez du erlazio bakar eta zuzena esanahi bakar batekin. Soinua igorri edo jaurti egiten da, eta beharbada asmoren bat du musikagilearen eta interpretatzailearen aldetik, baina ahalmen hau du: entzulearengana iristen da eta bere esperientzia adierazgarri bihurtzen da, bakana. Eramaten uztea baino ez da kontua.

Programa ulertzen dudanaren arabera, bi konbinaziotatik abiatuta planteatzen da kontzertua. Alde batetik, musikagileen bi bloke, Mendebaldekoak, Diego Ortiz (1510-1570), Claudio Monteverdi (1567-1643), Biaggio Marini (1594-1663), Juan Arañes (1649 aldera hila) eta XV. eta XVI. mendeetako izengaberen bat –beren garaiko musika-hizkuntzaren aukerak esploratzen aritzen ziren musikagileak (batzuk, besteak beste, Monteverdi, soinu-mundu berrietarantz bilakaera izaten)–, eta Persia-Irango musikariak, Ali Akbar Sheyda (1843- 1906), Darvish Kahn (1872-1926), Morteza Neydawood (1900-1990) eta Hessam ol Saltaneh –beren kulturako musika tradizionalaren hizkuntza tratatzeagatik nabarmendu diren musikariak–. Beste alde batetik, bi instrumentu-mota, musikagile horien mendeetan mendebaldeko musikan ezaugarriak zirenak, Lyra, Viole Quinton damour, Violoncello eta Tiorba tresnak, eta persiarren garaian musika horretan berezkoak zirenak, Kamancheh, Ney eta Oud tresnak, kontrabaxuaren, flautaren eta lautearen ekialdeko bertsioak izango liratekeenak (ala mendebaldeko tresnak dira ekialdekoen bertsioak?), eta perkusiokoak, Daf tresna. Mendebaldekoen artean biolontxeloak baino ez zuen iraun musikarien belaunaldi horien ondoren (zehazkiago viola da braccio eta violón tresnez hitz egingo genuke garai hartako instrumentuak bezala). Gaur arratsaldean landuko diren persiar musikagileak bizi izan ziren mendeetarako, XIX.a eta XX.a, mendebaldekoak antzinako tresnak ziren eta ez ziren erabiltzen. Beren ekialdeko “bertsioak”, ordea, erabiltzen jarraitzen zen.

Entzutera goazen musika, beraz, bi kultura-oinarri desberdinen konbinazioa da, denboran bereizitako maisuen belaunaldiena eta berriro topatzen diren musika-tresnena. Onartuko didazue ezer gutxi gehiago esatea programa honetaz, aitortu behar baitut ez dakidala zer aurkituko dudan. Niretzat zuentzat bezain harrigarria da. Gure musika-prestakuntza zabala izan arren, mota honetako kontzertuetan ohartzen gara hainbat urtetako prestakuntza hori tanta bat baino ez dela munduko musiken ozeanoan. Utz diezaiogun geure buruari musikak eramaten. Azken batean, lehenago esan dugun moduan, abantaila bat dugu abiapuntu: hizkuntza unibertsala da. Itxura batean bereizten gaituzten hainbeste gauza dagoen mundu honetan, elkartzeko lotura hauek aurkitzea bizikidetza-ikasbide bat izan daiteke, hain desiratua den bakea lortzen lagunduko diguna.

Manuel Horno
Musikologoa


Prezioa: 12.00 €

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

LAGUNTZAILEAK

San Migel Eliza · Santa Clara Eliza

 

SMADE
Cultura - Kultura
Xacobeo 20-21
Navarra Live Music!
Asociación Española de Festivales de música clásica

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.