es | eu

Igandean hasiko da Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen 50. edizioa, jaialdian parte hartu duten bakarlari eta taldeekiko berrel-kartzeak tarteko dituen programarekin

2019ko abuztuaren 28, asteazkena

Irailaren 8ra arte hamabost kontzertu programatu eta liburu oroigarria aurkeztuko da

Lizarrako Antzinako Musikaren Asteak (LAMA) 50. edizioa hasiko du igandean, irailak 3, eta jaialdia hilaren 8ra arte luzatuko da, aurreko urteetatik bereizten dituen zenbait berritasun tarteko dituela: jaialdian parte hartu duten musikariekin berrelkartzeko aukera eskainiko duen programa, kontzertu kopuru handiagoa eta 18:30etako ordutegian, eta liburu oroigarriaren aurkezpena.

LAMAk mende erdiko historia ospatu nahi du, eta horretarako, ‘Berrelkartzeak’ lemapeko programazioa antolatu du, Lizarrako jaialditik igaro eta LAMAko publikoaren oroimen kolektiboan gelditu diren zenbait bakarlari eta talderen kontzertuak barne hartuz.

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaolak, Lizarrako alkate Gonzalo Fuentesek eta LAMAko zuzendari artistiko Iñigo Alberdik aurkeztu dituzte gaur goizean, urtez urte toki, estatu zein nazioarte mailan landutako Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Barrokoko Europako musikarik onenarekiko hitzordua eskaintzeko xedez, Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin eta Baluarte Fundazioarekin batera antolatzen den jaialdi honen azken xehetasunak.

Aurten, hamabost kontzertu eta hainbat jarduera eginen dira Santa Klara eta San Migel elizetan, Julián Romano Musika Eskolan, Santo Domingo egoitzako kaperan (lehendabiziko aldiz), eta Vianako Santa Maria elizan, hiri honen sorreraren 800. urteurrenaren harira.

Gainera, jaialdiaren 50. urteurrena dela eta, LAMAk liburu oroigarri baten aurkezpena eskainiko du, 1967az geroztik –1982tik 1987ra bitarteko etenaldi laburra gorabehera– indarrean dagoen programa hau aurrera ateratzen lagundu duten pertsonak eta aldian aldiko egoerak hobeto ezagutzeko.

Astearen programa

Inaugurazio ekitaldia igande honetan izanen da, irailak 1, hiru hitzordu tarteko direla. Lehendabiziko kontzertua 18:30etan izanen da San Migel elizan, eta jaialdiaren lehenengo urteetan izan zen Antonio Baciero piano-jotzailearekin berriz ere bat egiteko aukera eskainiko du, “Nafarroako musikaren zortzi mende” deritzon programaren bitartez. Arratsaldean, 19:30etatik aurrera, Lizarrako eliza guztietako kanpaiak joko dituzte Iruñeko katedraleko ezkilazainek musikarekiko mende erdiko ibilbidea ospatzeko. Eta 20:15ean, Raquel Andueza eta La Galanía arduratuko dira Astea irekitzeaz Santa Klaran Monteverdi eta Cavalliren musika italiarraren doinuekin, bertaratutakoak atzoko, gaurko eta biharko musikaren kadentzietan murgilarazteko xedez. Artista nafarra, nazioarteko panoramako erreferentzia bihurtuta, hainbat ediziotan partaide izan zuen jaialdiarekin bat eginen du berriz ere.

Biharamunean, astelehena, irailak 2, Santa Klarara iritsiko da 20:15ean polifonia klasikoa, , The Tallis Scholars talde ingeles ospetsuaren ahotsetan, Kapera Sixtinoari keinu eginez eta Palestrina ardatz harturik. Italiako Errenazimentuko polifonia perfektua perfektuari egindako errepaso honetan, gangak musika bihurtu eta musikak eraikuntza arkitektonikoa irudikatuko du.

Asteartean, hilak 3, 19:00etatik aitzinera, Ensemble La Danserye taldeko kideek Lizarrako kaleak girotuko dituzte, 20:15etan, XVI. mendeko Granada eta Iruñeko Katedraleko artxiboko obra bat tarteko dituen errepertorioa osatuz, Santa Klara elizan eskainiko duen kontzertuaren atariko gisa.

Asteazkenean, hilak 4, LAMA Lizarratik irtengo da. Ensemble Diatessaron taldea Vianako Santa Maria elizan izanen da 20:15etik aurrera, hiriaren sorreraren 800. urteurrenaren kariaz, askotariko erritmo eta doinu gozoak uztartuko dituen kulturen arteko topaketa batez.

Haurrek eta gazteek heziketa giroko hitzordua dute ostegunean, hilak 5, 20:00etan, San Migel elizan, “The Messiah” ikuskizunaren entsegu nagusiaz gozatzeko. Egun berean, Santa Klara elizan, 20:15ean hasita, José Miguel Morenoren emanaldia izanen da, Lizarran eskaintzen duen seigarrena. Morenok Diego Órtiz, Download eta beste hainbaten konposizioak tarteko dituen errepertorio intimista eskainiko du “Enperadorearen kantua. Lautearendako musika Karlos V.aren Europan” izenburupean.

Ostiralean, irailak 6, Isabel Villanueva biolin-jotzaileak “Bach/Kurtag/Tabakova” programa eskainiko du Santa Klaran 18:30etan, Barrokotik gaurdainoko garai eta estetika desberdinetako mugarik gabeko errepertorioa osatuz. Eta hilaren 6an bertan, 20:15ean, 50. edizio honetako kontzerturik berezienaz gozatzeko aukera izanen da San Migel elizan: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Ganbera Abesbatzak, jaialdi honetan lehendabiziko aldiz, Haendelen “The Messiah” obra hilezkorra eskainiko dute, Ereintza abesbatzarekin eta Aiegiko Donejakue Bidearen Lagunak koruarekin batera. Bertan izanen dira, halaber Jone Martínez sopranoa, Diego Blázquez tenorea, Víctor Cruz baritonoa eta Carlos Mena kontratenorea, azken honen zuzendaritzapean.

Biharamunean, 18:30etan, Santa Klara elizan, aipaturiko lau bakarlariek osaturiko Voces a Cuatro taldeak bi, hiru eta lau ahotsendako konposizioak oinarri dituzten italiar eta espainiar musikagileen doinuak eskainiko dituzte musikaren laguntzarik gabe. Eta 20:15ean San Migelen, Jordi Savall arku-lira eta rabel-jotzailearekiko eta Pedro Estevan perkusionistarekiko berrelkartzea izanen da. Biek ala biek instrumentu bidezko elkarrizketak eratuko dituzte antzinako Hispania kristau, judu eta musulmanaren, Erdi Aroko Italiaren eta Maroko, Israel, Afganistan, Armenia eta antzinako Otomandar Inperioko musiken artean. Hilaren 7an bertan, Julián Romano Musika Eskolako ganbera taldeek “Mesiaren inguruan” deritzon kontzertua emanen dute 11.00etan.

Azkenik, 50. LAMAri agur esateko, irailaren 8an, 20:15ean, Europa Galante eta Fabio Biondi taularatuko dira San Migel elizan, Italiako eta Alemaniako barrokoa ospatzeko. Garai zirraragarri hartako musika oparoak hainbat lekutako musikarien arteko askotariko loturak bistaratuko ditu.

Jarduerei dagokienez, irailaren 2an, Raquel Andueza eta Jesús Fernández Baenaren kontzertua izanen da Santo Domingo Egoitzan, bertako egoiliarrendako eta hauen senitartekoendako. Halaber, hilaren 3an, Fray Diego Kultur Etxean, “LAMAri buruz solasean" deritzon mahaingurua antolatuko da jaialdiaren 50. urteurrenaren harira, argitaratutako liburuaren zenbait egileren parte-hartzeaz: María Gembero, Román Felones, Manuel Horno; liburuaren koordinatzaile Mar García Goñi; eta LAMAko zuzendari artistiko Íñigo Alberdi.

Sarreren salmenta

50. LAMArako abonuak eta sarrerak online erosten ahal dira jaialdiaren webgunean (www.smade.es/eu) nahiz Baluarterenean: www.baluarte.com.

Abonuak abuztuaren 30eko 12:00ak arte erosten ahalko dira. Sarrera solteak kontzertu bakoitzaren aurreko eguneko 12:00ak arte erosten ahalko dira. Sarrerak modu presentzialean ere erosten ahalko dira Baluarteko txarteldegian, kontzertu bakoitzaren aurreko eguneko 12:00ak arte. Irailaren 1ean, sarreren salmenta kontzertuen egoitzetara aldatuko da. Abonu osoaren prezioa 70 eurokoa da (35 eurokoa, gazte txartelarekin) eta sarrera solteena 12 eurokoa (6 eurokoa, gazte txartelarekin).

Gonbidapen bidezko doako ikuskizunak ere programatu dira. A. Baciero, Ensemble Diatessaron eta mahaingurua. Gonbidapenak Fray Diego Kultur Etxean eta Vianako Turismo Bulegoak jasotzen ahalko dira, ohiko ordutegietan, hilaren 1etik emanaldiaren aurreko egunera arte, eta emanaldiaren egun berean, ikuskizunaren egoitzan, hasi baino ordubete lehenago arte.

Gonbidapen bidezko sarrera mugatua duten kontzertuak ere izanen dira: "The Messiah" ikuskizunaren entsegu orokorra (haurrendako eta gazteendako, senitartekoekin batera) eta Andueza-Fernández Baenaren kontzertua (Lizarrako hirugarren adineko egoiliarrendako, senitartekoekin batera). Entsegu orokorrerako gonbidapenak Fray Diego Kultur Etxean jasotzen ahalko dira. Andueza-Fernández Baenaren kontzerturako gonbidapenak Santo Domingo Egoitzan banatuko dira. Gainera, Julián Romano Musika Eskolako ganbera taldeen emanaldietarako sarbidea doakoa izanen da aforoa bete arte.

Informazio gehiago: www.culturanavarra.eswww.smade.es/eu.

Igandean hasiko da Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen 50. edizioa, jaialdian parte hartu duten bakarlari eta taldeekiko berrel-kartzeak tarteko dituen programarekin

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

LAGUNTZAILEAK

San Migel Eliza · Santa Clara Eliza

 

SMADE
Cultura - Kultura
Xacobeo 20-21
Navarra Live Music!
Asociación Española de Festivales de música clásica

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.